lunes, 29 de octubre de 2012

FORMULA MAGIKOA

Paperezko egunkariek ba al dute etorkizunik? Ordenagailuko teklatuek tintaz zikindutako esku eta hatzamarrak ordezkatuko al dituzte? 



Aldaketa garaian gaude. Aldaketa azkarra. Ia oharkabean gertatu dena. Abiadura handian. Gure interneteko konexioa bezain azkarra.

Teknologia berriek eragidako iraultza horrek informazioa kontsumitzeko era ere aldatu duela argi dago. Gero eta azkarrago lortu nahi dugu informazioa era pertsonalizatu eta osotuan. Hori dela eta, gero eta gehiago jotzen dugu egunkari digitaletara. Badago jende asko oraindik, ordea, paperera jo eta goizean kafesnea eskutan gaurkotasun informatiboa sakontasunez aztertzen duena.

Gara eta NAIZeko zuzendaria den Iñaki Sotok (@gara_isoto) Administrazioa Euskaraz aldizkarian adierazi bezala, teknologia berriek ekarpen ikaragarria egin diote kazetaritzari eta baita kazetariei ere. Hala ere, prentsa idatziak "industria- birmoldaketa" behar duela uste dut nik ere. Aldatu, aurpegi berri batekin indar handiagoz jaio, gero eta segmentatuago dagoen publikoa harrapatu nahian. Txema Ramirez de la Piscina EHUko kazetaritza irakasleak ere honexekin egiten du bat: metamorfosia, birmoldaketa, errentagarria izan daitekeen eredua bilatu.

Hau lortzeko formula magikorik ez dago, baina bai funtzionatu dezaketen formula asko: sakontasun handiagoko edukiak sortu, genero ezberdinak landu, egunkarien orrialde kopurua eta maiztasuna aldatu...

Formula magikorik ez beraz. Probatzeko aukera ugari eta ibili beharreko bide luzea aurrez aurre.